XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horra, motoka, barantola bere lili gorrail ttipieki.
Beti maite dû, adarxkot bat moztûz,
ahûrrean tinkatzea,
eta horren ûrrinonaren ûsnetzea.
Noizean behin biltzen dû ere;
nûtenatûrik marranta idorra eztitzen beitû.
Zaingozoak ere hedatzen dûtû bere zanko xehe ozkedûnak.
Horik alatzen dûtûen ardien ezneareki egin gaznak
gozo haûtû bat badû.

Gûk, gizonek, zainak dûtûgû idorrarazten,
mardail edo erxe sûhardûraren sendotzeko.
Botxen ondoan diren ahabetzeak kûnkûino dirade.
Dioe ahabeak begia tzorrozten dûala.
Haratago errostek
hargûnen artea metra bat gora horitzen dûe.
Haien zain karatsek zale dûe gibeleko mina aizatzen.
Bai eta ere gosea pizten;
Ailandek badaki
jataitzin edari hobenetarik baten egiten,
ardu xuriari nahastez.
Han hor, alagiak gainti, errorizak
konkortzen dûtû bere mondoil berde beltzaranak.

Aroa pezûalat doalarik, ûlûiak
gaizten dira eta larrûari lotzenago.
Behiek orduan oihaneko bidea hartzen dûe,
zonbaitetan behera jaisteko.
Bena egûn, bazka gizenez aserik,
bortû lepoan dirade,
batak hedailo,
besteak xûtik igitû gabe.

Gainti hetan hanitxetan,
behien erditan,
bizi da zezen bat.
Ez da saldotik berezten.
Besteak alan, zezena alan;
besteak etzanik, hala ere zezena.
Hor den zezen beltzak,
Ailande ikusten dûan bezain sarri,
bûrûa iharrausten dû;
gero, mihia lûzatûrik hari so,
lûrra aitzineko zankoez erreûski aztaparkatzen dû.

- Abil jakitera zer harrek ote usuki dûan!

Ailande, prefosta, nahiago da
heltû den lekûtik arrajoan
eta galdû haren begien aitzinetik,
taigabe bûrûa ûtzûliz
ea jinen zaionez gibeletik.